Fisikako Nobel saria, unibertsoaren eboluzioa ulertzeko ekarpenei eta lehen exoplaneten aurkikuntzari

2019/10/08 Elhuyar aldizkaria

Aurtengo Fisikako Nobel saria kosmosari buruz zeuden ideiak aldarazi zituzten hiru ikertzailerentzat izango da. Sariaren erdia James Peeblesentzat izango da, fisika kosmologikoaren arloan unibertsoaren eboluzioa ulertzeko egindako aurkikuntzengatik; eta beste erdia, Michel Mayor eta Didier Quelozentzat, Eguzkiaren antzeko izar baten inguruan orbitatzen duen lehen planeta aurkitzeagatik.

James Peeblesek fisika kosmologikoan egindako ekarpenak funtsezkoak izan dira kosmologiak espekulaziotik zientziarako bidea egiteko, Nobel Fundazioak azpimarratu duenez. 1960ko hamarkadatik aurrera egin zituen aurkikuntza teorikoak gaur egun unibertsoari buruz dauden ideia nagusien oinarria dira.

Big Bangetik 400.000 urtera hasi ziren lehen argi-izpiak unibertsoan zehar bidaiatzen. Garai hartako erradiazio hori gure inguruan dago oraindik (hondoko mikrouhin-erradiazioa), eta erradiazio horretan kodetuta daude unibertsoaren sorrerako sekretu asko. Hain zuzen ere, Peeblees izan zen erradiazio hori hor zegoela iragarri zuenetako bat, eta tresna egokiekin detektatu zitekeela defendatu zuen. Areago, ondorioztatu zuen erradiazio hori aztertuta kalkula zitezkeela unibertsoaren sorrerako hainbat datu, adibidez, Big Bangean zenbat materia sortu zen.

Peeblesek irekitako bidea jarraituz kalkulatu zen, esaterako, unibertsoaren % 5 bakarrik dela materia, eta gainerakoa materia iluna eta energia iluna direla. Bi horiek, materia eta energia iluna, oraindik ere kosmologiaren misterio handienetako bat dira.

Beste eguzki baten inguruko lehen planeta

1995ean, Michel Mayor eta Didier Quelozek Eguzkiaren antzeko izar baten inguruan orbitatzen zuen lehen planeta aurkitu zuten, Esne Bidean. Haute-Provence Behatokitik (Frantziako hegoaldean) 51 Pegasi b planeta aurkitu zuten, Jupiterren antzeko gasezko planeta bat.

Mayorek eta Quelozek izarren mugimenduak zehaztasun handiagoz neurtzeko metodoak eta tresnak garatu zituzten. Eta horri esker aurkitu zuten exoplaneta hura. Gainera, aurkikuntza horrek garai hartan zeuden ideiak irauli zituen. Izan ere, espero zitekeen baino askoz handiagoa zen. Gutxi gorabehera Jupiterren tamaina zuen (Lurra baino 1.300 aldiz handiagoa), eta, garaiko jakintzaren arabera, halako gasezko erraldoiak sistemako izarretik urrun sortzen ziren, eta, beraz, orbita oso luzeak izaten zituzten. Jupiterrek, esaterako, 12 urte inguru behar ditu Eguzkiaren inguruan buelta osoa emateko. 51 Pegasi b planeta, ordea, oso gertu zegoen 51 Pegasi izarretik, eta lau egun baino ez zituen behar haren inguruan buelta bat emateko. Horrek, guztiz harrituta utzi zituen exoplaneta-ehiztariak.

Berehala hasi ziren exoplaneta gehiago aurkitzen, eta dagoeneko 4.000 exoplaneta aurkitu dira, eta ikusi da izugarrizko dibertsitatea dagoela tamainetan, formetan eta orbitetan. Azken urteetan, astronomian, iraultza oso bat izan da exoplaneten bilaketa.

Eman zure botoa

0 / 5 (0 bozka guztira)

Sare sozialak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.