Fukushima, normaltasunetik urruti

2019/03/11 Elhuyar aldizkaria

Zortzi urte igaro dira lurrikara batek lehenik, eta tsunamiek ondoren, Daiichi zentral nuklearra suntsitu eta hondamendi nuklearra gertatu zenetik. Larrialdiko eta epe luzeko neurriak hartu zituzten, baina oraindik nabarmenak dira ondorioak.

Zentrala bera gertatutakoaren lekuko da. Oraindik ez dute eraisterik izan, eraiste-lanak oso arriskutsuak direlako. Kontuan hartu behar da, besteak beste, Daiichi 1 eta 2 erreaktoreak urtuta daudela, eta barruan dutela erregai nuklearra, beste materialekin nahastuta.

Hala, zentralaren jabe den TEPCO konpainiak eraisketa hil honetan hasi behar bazuen ere, azkenean maiatzera arte atzeratu du lanen abiatzea. Bitartean, roboten bidez egoera aztertzen ari dira, ahalik eta zehatzenen jakiteko zer topatuko duten. Joan den hilean zabaldu zituen TEPCOk erreaktoreen barruko irudiak.

Zentralaren kanpoan, berriz, 900 tanga daude, erradiokatibitateak kutsatutako mila tona ur baino gehiagorekin. Noizean behin, isuriak gertatu direla salatzen dute ingurumenaz arduratzen diren taldeek, baina agintariek oso gutxitan onartu izan dute halakorik gertatu denik. Nolanahi ere, itsasoko erradioaktibitatea neurtzen duten ikertzaileek ez dute zalantzarik: zentralak isuri jarraituak dituela baieztatu dute.

Japoniako Atzerri Arazoetako Ministerioak argitaratutako azken oharrean, ordea, neurtutako erradioaktibitatea onartutako gehienezko mugatik behera dagoela esan du. Are gehiago: lehen neurketak hilero egiten zituzten arren, 2017ko apiriletik urtean lau aldiz baino ez dituztela egiten jakinarazi du, azkenaldian ez baitute gorabeherarik neurtu, ez itsasoan ez zentralaren inguruan.

Osasuna, kezka

Dena dela, erradioaktibitatea kezka-iturri da oraindik ere, eta horren erakusgarri da gaiarekin lotuta zientzia-aldizkari espezializatuetan argitaratzen diren artikuluen ugaritasuna, bereziki, medikuntzakoetan.

Tokioko Unibertsitateko medikuntza fakultateko Sae Ochi doktoreak artikulu horien garrantzia azpimarratu du; haren esanean, ezinbestekoa da osasun-egoeraren bilakaera jasotzea, ez bakarrik gaur egungo populazioaren osasuna zaintzeko, baizik eta etorkizunerako ere baliogarria izan daitekeelako. Era berean, informazioa partekatzearen alde egin du. “Oraindik lan asko dago egiteko”, adierazi du.

Bitartean, istripuaren ondoren etxeak uztera behartu zituztenetako batzuek dagoeneko baimena dute itzultzeko, nahiz eta guztiek ez duten gogo onez hartu erabakia, erradioaktibitate-dosi seguruaren muga urtean milisiervert batetik (ohikoa) 20ra igo baitu japoniako gobernuak (zentral nuklearretako langileek duten berbera).

Eman zure botoa

0 / 5 (0 bozka guztira)

Sare sozialak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.